Poliziaren gehiegikeria

Ertzaintza Batasunaren legez kanporatzea salatzeko deituriko "Gora Euskal Herria" manifestazioan, Bilbon.
Ian Tomlinson arrazoirik gabeko polizia-eraso batengatik hil zen 2009 urtean, lanetik etxera itzultzen zelarik, Londresko G-20 gailurraren aurkako protesten errepresioan.
Poliziaren gehiegikeriek poliziaren aurkako jarrera sortu dute gizartean. Irudian, «Gizon bat zen, orain poli bat da.» dioen pintada, Donostian.

Poliziaren gehiegikeria terminoak poliziak pertsonen aurka burututako jokaera okerrak biltzen ditu, giza eskubideen aurka, hala nola neurrigabeko indarkeria fisikoa (hilketaraino iritsiz, kasu batzuetan), mehatxuak, irainak, gehiegizko zela eta arrazoirik gabeko atxiloketak, poliziak duen agintaritzaz baliatuta. Noiznahi gerta badaiteke ere, poliziaren gehiegikeriak nabarmenak izan dira errepresio politikoan, botere politikoaren onarpenaz askotan, gizarte-gutxiengoetan eta beheko gizarte-klaseetan. Emakumeak ere poliziaren gehiegikeriaren biktimak izaten dira, askotan sexu-erasoak ere pairatuz. Polizien antzera presondegietako funtzionarioek egiten dituzten gehiegikeriak ere salatzen dira.

Zuzenbide anitzetan poliziaren gehiegikeriak poliziaren kriminaltasunaren baitan sartzen badira ere,[1] pertsonen aurkako gehiegikeria kasuak salatu eta justiziaz ebazteko zailtasunak eta oztopoak ere agerikoak izaten dira herrialde askotan, bai poliziaren beraren aldetik bai justiziagintzaren aldetik. Gizartean ere jarrera politiko zenbait bereizten da gai honen inguruan, poliziaren lana printzipioz erabat aldeztu eta poliziarekiko konfiantza osoa dutenak alde batetik, eta polizia zorrotzago kontrolatu behar dela baieztatzen dutenak bestetik. Poliziaren gehiegikeriek poliziaren aurkako jarrera ere sortu dute gizarteko sektore zenbaitetan.

Arazo hauetan garrantzi handia duten beste eragileak hedabideak dira: batzuek bertsio ofizialak jaso eta poliziaren gehiegikeria kasuak justifikatu soilik egiten duten bitartean, badira beste hedabide batzuk kasu hauek ikertu, zabaldu eta erantzukizunak eskatzen dituztenak. Halaber, badira elkarteak polizia gehiegikeria aztertu eta salatzen dutenak, mundu osoan oso ezaguna den Amnesty International eta Human Rights Watch esaterako. Martxoaren 15 da poliziaren gehiegikeriaren aurkako nazioarteko eguna, Estatu Batuetan urriaren 22an poliziaren gehiegikerien aurkako ekitaldiak burutzen badira ere.

  1. Poliziaren ustelkeria kasuak, esaterako, poliziaren gehiegikeriatzat ez baizik eta poliziaren kriminaltasunaren barnean kokatzen da.

© MMXXIII Rich X Search. We shall prevail. All rights reserved. Rich X Search